Ezker Abertzalearen Birfundazioa

Abertzaletasuna ez da ideología. Abertzalegoaren baitan eskuineko eta ezkerreko ideologiak badaude, beti egon dira eta beti egongo dira. Abertzalegoaren barruan ezkerra beharrezkoa da, eskuina ere beharrezkoa den bezalaxe. Aberrigintza eta independentzia bera abertzalego osoaren zeregina bezala ulertu behar dira eta eskuin eta ezkerreko lehiaren dinamika egiten du gizarte bat nazioa denboran eta historian zehar

Ezker abertzalea euskal gizartearen esparru dinamikoa eta agian dinamikoena dela ez du inork ukatzen. Baina aldi berean esparru anitza da; agian esparrurik anitzena. Horrexegatik da egituratzeko eta kudeatzeko hain zaila. Baina asmatuz gero, Ezker Abertzalearen esparrua handiena izanen da Euskal Herrian.

Euskal Herriak Europako nazio bat gehiago izateko behar-beharrezkoa du Ezker Abertzalea egitura politiko zabal eta bideragarri batean egituratzea, bere ekimen, prestutasun eta kemena mantenduz.

Gizarteko esparruak esparru politiko bihurtzeko ideologiako adierazle amankomunak ez-ezik, estrategia ildo nagusi batzuk behar dituzte eta hori da Ezker Abertzalearen birfundazioaren xedea eta helburua.

HERRI BATASUNA, HB, sortu zenean ideología mailako adierazle amankomunen baldintzak bazeuden, baina estrategia politikoaren baldintza amankomunak falta ziren. Orain badaude. Gainera, aldebakarrekotasunetik egindakoa da.

Eskuineko eta ezkerreko abertzaleon arteko lehiak kemen eta herri dinamika sortzen dio Euskal gizarteari eta horixe da garai hauek aurrean jarri diguten premia.

2.- Birfundazioaren ezaugarriak.-

Esan beharrik ez balego ere, Hiru dira oinarri Ezkere Abertzalearen birfundazioareko oinarri nagusiak: Demokrazia, ezkerreko ideología eta abertzaletasuna.

Kanpo eta barneko demokraziak sarbidea eta eskubideak eskaini behar dizkio erkide edo partaide izan nahi duenari eta horrek esan nahi du, Ezker Abertzalearen birfundazioa gizarte osoari begira gauzatu behar dela. Beti hola izan bada ere, are gehiago gaur egungo komunikabide berriei esker, harremana erraztu eta biderkatu delarik. Ezker Abertzalearen birfundazioa ezin daiteke erakunde edo erreferentzia zehatz batzuetara mugatu. Ezker abertzale osoa, nahiz anitza, izateko egitasmoa da birfundazioarena.

Bigarrenik, esker berriaren ideología aitortzen eta onartzen duen egitura da eraiki beharrekoa. Beraz, nazio frontearen edo garai bateko polo-aren eta holakoen egitasmoak helburu taktiko hutsetarako utzi behar dira. Ez da inoiz egia izan eta orain ere ez da trikimailua besterik eskuinak –eta behin eta berriro eskuin abertzaleak- aldarrikatzen duen lelo hura, alegia, lehendabizi abertzale eta gero gerokoak.

Ezker Abertzalek beti egon behar du prest behin-behineko akordio taktikoetarako; bai eskuin abertzalearekin, nola bestelako indar politikoekin. Bereziki gure herriaren nortasuna eta etorkizuna jokoan dagoen arlo eta erronketan.

Euskal jendarteak poztasun handiz hartuko lukeen berria da esker abertzale osoaren berreraikuntza. Irekia, gizarteari begira, barne demokrazia kugarik gabearekin. Eta jakina, beste edozein indar politikorekin akordioak, eztabaidak eta lehia politikoa izateko egitura egokia izango dena. Barrura begira egiten den berregituraketa ez du euskal gizarteak birfundaziotzat hartuko.