Ezker abertzalearen autokritika

Autokritika norberak bere iraganaz azterketa eginda etorkizunari so eraikitzen duen egitasmoa da. Norbera gizabanakoa edo giza taldea izan liteke, baina norbera izatez utzi gabe burutzen dena da autokritika; norbera izatez utzi gabe eta iragana etorkizunarekin korapilatzea sena duelarik.

Soilik iraganaz arduratzen den etika, etika zaharra eta antzua da. Etikak emankorra eta berria izatekotan etorkizunaz ere arduratu beharra dauka.
Etorkizuna eta elkarbizitza lehen kezka dituen etikari berezkoa zaio beti autokritika. «Zoru etikoa» edo/eta «irabazle eta galtzaileen» ikuspegi estatikoa duten jarrerak zaharkituta gelditzen dira. Azken finean autokritika norberaren balio etikoen galbahetik bizimodua igarotzea besterik ez baita.Hemen eta gaur, XXI. mendeko Euskal Herrian, autokritikaren premiaz ari garenean, bakegintzaz ari gara eta bakegintzaz aritzean, elkarbizitzaz; ezinezkoa delako bakegintzaz aritzea, elkarbizitzaz aritu gabe.
Bakea beti beranduegi iristen da eta horixe da biktimen paperari maila gorena ematen diona. Biktimen mezu sakona gatazka gainditzearen ikur izatean datza eta horrexegatik berdintasun mezua da; irabazlerik eta galtzailerik gabeko etorkizunaren mezua. Horrexegatik indarkeria guztien biktima guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da egiazko autokritikaren baitan. Biktimen papera etorkizunari so berdintasunezko elkarbizitzaren berme eta mugarri bezala ikusi behar da.
Ezker abertzale osoak, euskal gizarteko sektore zabala eta anitza den heinean, egin du eta egiten ari da autokritika. Batzuetan eztabaida itxura hartzen duena. Iragana baloratu eta etorkizunari xede berriak bilatze aldera hurrengo oinarri hauek izan ditu bilakaera honek nagusi:
Aldebakarrekotasuna. Indarkeria uzteagatik ordainketa politikorik ez jasotzeko erabaki politikoa.

Bakegintza eta politika bereiztea.

Irabazlerik eta galtzailerik gabeko elkarbizitza xede politikotzat aitortzea, berdintasuna eta aniztasuna oinarrizko balio demokratikotzat hartuz.
Borroka armatua etetea aldebakarreko erabaki politikoan oinarriturik. Arma gabetzeak ere erabaki politikoa behar du; alferrikakoa da Madrileko gobernuari arlo horretan itxoiten egotea.
Erabaki politikoen bitartez bakegintzaren bidean aurrera egiteak autokritika kolektiboan dauka oinarria. Era berean, bestelako erabaki eta jarreren onarpenek ere, aldebakarreko erabaki politikoetan oinarritzen diren neurrian, autokritikan daukate oinarria.
Ezker abertzale osoaren autokritikaren laburpena Gernikako Akordioa deitutako dokumentuan bildu zen orain dela lau urte luze. Julen Madariagak esan zuen bezala, ETA erabaki politikotik sortu bazen, erabaki politikotik eten beharrekoa da.
Arnaldo Otegik behin baino gehiagotan erabilitako irudiaren arabera, ezker abertzaleak norantza aldaketa egiteko transatlantiko handi batek haina denbora behar zuen, baina agian itsas kaietan izaten diren ontzi ttipi praktikoek tenkatuta egindako norantza aldaketa izaki delako transatlantikoarena.