Kataluniako hauteskundeez bi kontu

Egun hauetan irakurri ditudan emaitzen analisietan atentzioa eman dit eskainu-kopuruez aritzea eta ez boto-kopuruez ondorioak ateratzeko

Ez dugu hemen juzkatuko estatuko komunikabide gehienek eginiko analisi okerrak eta gaiztoak, hots, CiUren eserleku-galerak independentismoaren porrota izan dela. Ameskeria, nahia edo guraria da. Errealitateak besterik dio, egoskorra beti: erabakitzeko eskubidearen eta prozesu subiranistaren alde dauden indarrek boto gehiago eta eserleku gehiago lortu dituzte 2010ean baino.

Indar subiranistak:

  • CiU, ERC, ICV eta SI 2010ean: 1.755.748 boto eta 86 eserleku
  • CiU, ERC, ICV, CUP eta SI 2012an: 2.109.776 boto eta 87 eserleku

Indar espainolistak:

  • PSC, PP eta Ciutadans 2010ean: 1.068.453 boto eta 49 eserleku
  • PSC, PP eta Ciutadans 2012an: 1.257.361 boto eta 48 eserleku

Datu bat argi dago: indar subiranistek gora egin dutela boto eta eserlekuetan, baina indar espainolistek botoetan gora egin badute ere, eserleku bat galdu dutela. Botoetan igotzea parte hartzea 10,7 puntu emendatu delako jazo da. Nora joan dira abstentziotik atera diren boto-emaile horiek? Ba nagusiki indar subiranisten blokera. Guztira, 543.000 pertsona gehiagok eman dute botoa eta horietatik 354.028 bloke subiranisteko indarren aukeratu dute. Beraz, parte hartze handiagoa posizio subiranistaren aldekoa izan da.

Beste analista batzuk CiUren jaitsiera eta ERCren igoera unibokoki lotu dituzte. Eserlekuei erreparatuta horrela dema: CiU 12 galdu eta ERCk 11 irabazi. Botoen datuek ez darakusate horrelakorik: CiU 107.342 boto galdu ditu eta ERCk 269.661 boto irabazi. Alderdien arteko boto-fluxua nondik-norakoa den jakitea ez da erraza, are gehiago parte hartzea asko igo delako. Hala ere, ERCk CiUrengandik botoak jaso dituela ez dago dudarik, baina beste kala batzuetan arrantza ere egin duela agerikoa da. Non? Ba, abstentzioan bereziki esango nuke nik. PSCtik ere etorriko zitzaizkion botoak jakina, ez asko hala ere.

Botoen datu horiek arrastorik ematen al duten balizko independentziari buruzko kontsultaren emaitzez? Hauek hauteskunde legegileak izan dira eta ezin dira oso-osorik erkatu kontsulta batekin, nahiz eta independentziaren kontsultari buruzko jarrera programa guztien erdigunean egon. Alabaina, joera-adierazle izan daitezke eta horrek esango luke Kataluniaren independentziaren aldekoak nagusi diratekeela balizko kontsulta batean.