Herritarren ekimena Europako Batasunan

Joan den apirilaren 1etik aurrera EBren herritarrok ekimen legegilea izan dezakegu eta Batzordeari lege-proposamenak egin. Herritarren ekimena planteatu den moduan mugatua da, baina aurrera pausua da EB demokratizatzeko bidean

EBko estatuen laurden baten milioi bat herritarrek sinatu behar dute ekimena tramitera onartzeko. Herritar horiek proportzio baten arabera banatuko dira estatuen artean. Langa hori gainditu dutenak Europako Parlamentuaren aurrean egingo dute defentsa. Gero Batzordeak hiru hilabete izango ditu ekimena aztertu eta zer egin erabakitzeko.

Atea zabaldu zenetik 22 ekimen proposatu dira eta hamabi jada sinadurak biltzen ari dira. Mota guztietako ekimenak daude, hasi Europarako roaming-tarifa bakarra eskatzen duenetik, segi ura oinarrizko eskubidea deklaratzea eskatzen duenarekin eta buka europarrek Europa guztian botoa emateko eskubidea aldarrikatzen duenarekin. Euskal herritarron ikuspegitik oso ekimen interesgarria da ‘Zaborren kudeaketa arduratsu baten alde, errausketa-planten kontra’ izena duena (http://ec.europa.eu/citizens-initiative/public/initiatives/ongoing/details/2012/000009).

Jada sinadura biltzen hasi denetako bat ‘Fraternité 2020’ izenekoa dago eta bere helburua da: EBren barruan dauden truke-programak indartzea, Erasmus esaterako, Europa batuagoa eta solidarioagoa izan dadin helburuarekin.

Herritarren ekimenei buruzko informazioa webgune honetan aurki dezakezue: http://ec.europa.eu/citizens-initiative/public/welcome?lg=es. Horretan ekimenak abian jartzeko egin behar duzuna eta prozesuari buruko makina bat informazio jakingarri eskura daiteke.