Aralarrek amaiera eman dio alderdi gisako bere ibilbideari, Iruñeko Baluarten egindako Kongresuan

Alderdi gisa 2002. urtean abiatutako ibilbideari amaiera eman dio Aralarrek, Iruñeko Baluarten egindako 7. Biltzarrean. Ez-ohiko kongresua egin du Aralarrek, eta bertan bozkatu da alderdiaren zuzendaritzak egindako proposamena: alderdia desegitea. Aralarkideen %91,2k eman dute alderdiaren disoluzioaren aldeko botoa; %6,3k kontrako botoa eman dute

 

200 aralarkide baino gehiago elkartu dira, gaur goizean, Iruñeko Baluarten, bere 7. Biltzarrean parte hartzeko. Aralarkideez gainera, alderdi gisa egin duen ibilaldian lagun eta kide izan direnak ere izan dira gaurko ekitaldian: Arnaldo Otegi eta Gari Mujika (EH Bildu), Jakes Bortairu (Abertzaleen Batasuna) Pello Urizar eta Miren Aranoa (EA), Unai Ugalde (EAJ), Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta (Sortu), Maria del Rio (Alternatiba), Txiki Muñoz (ELA), Igor Arroio (LAB), Raul Lopez (STEE-EILAS). Era berean, nazioarteko ordezkariak ere izan dira: ERC, BNG, Compromis, PSM, Kurdistango HDP, Frente Polisarioa eta ALE-EFAko europarlamentari Tatiana Zhdanok.

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak eta Patxi Zabaleta Aralarreko ohorezko presidenteak hartu dute hitza 7. Biltzarreko ekitaldi publikoan.  “Beren ideiengatik askatasuna galdu, bizitza galdu eta deserria ezagutu” dutenentzat izan ditu lehen hitzak Uberak. Azpimarratu duenez, “Aralar alderdiari amaiera emateak ez du esan nahi sentsibilitate honi amaiera ematen zaionik. Gure konpromisoak jarraitzen du”.

Aralarri alderdi gisa amaiera ematean “ziklo bat itxi, eta beste bat irekitzen” dela adierazi du Aralarreko idazkari nagusiak. “Harro sentitzen naiz egindako ibilbideagatik”, nabarmendu du Uberak. “Aralarrek berretsi dit pena merezi duela bakoitzak dituen ametsengatik lan egitea”.

“Zaila egiten zait esatea, baina Aralar bukatu da”. Horrela hasi du bere hitzartzea Patxi Zabaletak. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen guztiei eta “gurekin lehiatu diren guztiei ere bai”. Oriol Junqueras eta gainerako preso politiko guztiak ere gogoan izan ditu Zabaletak bere agurrean.

Giza eskubideak, euskal abertzalegoan ezkerreko hanka izatearen beharra, autodeterminazio eskubidea izan ditu gogoan Zabaletak Aralarreko ohorezko presidente gisa egindako bere azken hitzartzean. “Aralar alderdia desegitea etorkizunera begira emandako urratsa. Ezker abertzale zibil eta zabala eratzea izan da beti gure bidea. Bidea orain EH Bilduk egingo du”, agertu du.