VII. kongresua aurkeztu du Aralarrek autoezabatzearen proposamenarekin

Patxi Zabaleta, Aralarreko presidentea eta Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusia Iruñean izan dira gaur goizean alderdiaren VII kongresuaren aurkezpen ofiziala egiteko. 15 urte ibilbide eta gero (gehiago iritzi korronte bezala eratu zenetik kontuan hartzen badugu) Aralarreko zuzendaritzak aho batez proposatuko die militanteei alderdiaren ibilbidea ixtea EH Bildu jotzen baita etorkizuneko tresna eta sendotu beharreko indar politikoa.

Prentsaurrekoa Catalunyako herriari babesa adierazten hasi da.

Ponentziaren laburpena

Prentsaurrekoaren testua

-ARALARREN VII. Kongresuaren nondik norakoen berri eman aurretik, CATALUNYAr herriari, Catalunyako herritarrei eta hautetsiei elkartasuna eta gure babes osoa adierazteaz gain, eskertu nahi ditugu demokraziaren defentsan eta sakontzean ari diren ahaleginagatik; eta irekitzen ari diren bideagatik.

-Hau esan da, ARALARREN VII. Kongresuaren nondik norakoen azalpenari ekingo diogu.

-ARALARREKO Zuzendaritzak, aho batez erabaki du proposatzea militantziari burutu behar duen Biltzarrean, alderdiaren ibilbideari amaiera ematea. Hori da, Abenduak 2, Iruñean, Baluarten egingo den VII. Biltzarrean bozkatu beharko dena, horretarako Estatutuak ematen dituzten arauak jarraiki.

Biltzar aldiko epeak, datak ondorengoak izango dira:

-Urriak 13an, deialdiarekin batera dokumentazio guzia bidaliko zaio militantziari. Gaur ponentziaren laburpena aurreratuko dugu, baina data horretan ponentzia “Etorkizunaren erronka” deituko dena bere osotasunean ezagutuko da.

-Azaroak 17 arte, epea irekita egongo da militantziak ekarpenak egin dezan. Orotariko ekarpenetarako aukera egongo da. Lehenik, nola ez, norbaitek pentsatuko balu ez dela momentua alderdiaren ibilbideari amaiera emateko, jarraitzeko proposamena egiteko. Eta beti bezala, eztabaidatuko dugu. Bigarrenik, proposatuko dugun ponentzian gainerako atalei ekarpena egiteko aukera egongo da, ponentzia horrek etorkizunari begirako azken ekarpena izan nahi duelako eta bertan gure jendearen ikuspegiak kontutan hartu nahi ditugulako.

-VII. Biltzarrak 3 zatitan banatua egongo da:

-1goa, VI. Kongresualdiko kontu ematea. Bertan egindakoen kontu emango da eta alderdiaren zein fundazioaren memoriak aztertuko ditugu.

-2. atalean, alderdiaren desegitea eztabaidatu eta bozkatuko da.

-3.an, festa bat egin nahi dugu, militantzia omenduz.

Zergatik alderdiaren auto ezabatzearen proposamena?

Proposamena koherentziagatik eta emandako hitza betetzeagatik egiten dugu. Baina batez ere eta bereziki etorkizunagatik. Gogoratu behar dugu, Aralarren sorrerako ponentzian jasotzen den bezala, Aralar alderdi bezala bukaera datarekin sortzen dela; bere ibilbideari amaiera emateko helburu eta bokazioarekin. Eta 2002ko ponentziatik harrez gero, horrela berretsia izan da gainerako Biltzarretan.

Aralar LAU arrazoi printzipalengatik sortzen da:

-Ezker Abertzale zibil eta zabala.

-ETAren borroka armatua etetea eta politikagintzaren lehentasuna

-Barne demokrazia. Militante bat, bozka bat.

-Lurraldetasunaren erabaki esparruak.

Eta lau helburu horiek betetzat ematen ditugu; nahiz eta oraindik Bake osoa ez den lortu izan ere, hortxe ditugu preso politikoak. Eta ezker abertzale zibil zabalaren oinarriak ezarriak dauden, eta garatzea eta sakontzea behar den. Baina hiru arrazoietan bidea eginda dago, alderdi bezala egin dugu gure aportazioa eta pozik gaude egindakoaz eta lorturikoa. Atzera begiratuta nork esango luke bere momentuan hiru helburu horiek lortuko zirenik…

Konbentzituak gaude lekukoa eman eta ibilbide politiko bati amaiera emateko unea dela.

Ziklo bat itxi eta berria bultzatzeko. Oso argi izan dugu hasiera hasieratik, alderdi politikoak gizartea zerbitzatzeko tresnak direla. Eta tresnak ez dute balio garai guztietarako. Zentzu horretan pentsatzen dugu EH Bildu dela garai berrietako tresna eta bera izan behar dela gizartera begirako erreferentzia argia.

Alderdiaren ibilbideari amaiera emateak, ez du esan nahi etxera goazenik edo eta politikan jarraituko ez dugunik. Izan ere, jada EH Bilduko kideak gara eta kide izateaz gain militatzen jarraitzeko asmoa dugulako Bilkide gisa.

Aralarren sorrerako helburuak lortuta dauden arren edo lortzeko tresnak ezarrita dauden arren, amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko eta Ezker Abertzale zibil eta zabal demokratikoagoa erdiesteko urratsak eman beharra dago oraindik ere. Aralarren gauden norbanakook, hala erabakitzen dugunok, horretarako lanean jarraituko dugu EH Bildun. Bilkide gisa horixe delako gure erantzukizuna.