Ubera eta Zabaleta Diadan izango dira Aralarren izenean

Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera Bartzelonara joango dira Kataluniarrekin euren jai nazionala ospatzera, Diada, alegia. Zabaletak eta Uberak hainbat bilera izango dituzte Bartzelonan bertoko alderdi politiko eta eragileekin egoera hurbiletik ezagutzeko asmoz eta Aralar eta aralarkide guztien babesa emateko helburuarekin.

Garai historikoak bizitzen ari dira Kataluniarrak, historikoak bezain gogorrak; Espainiaren jokabide onartezinaren ondorioz. Izan ere, Espainiak, elkarrizketari aspaldi ateak itxi ostean, demokraziaren oinarri eta joku arauak zanpatzeari ekin baitio beste behin 78ko erregimena bai edo bai eutsi nahirik. Catalunyako herria erabaki eskubidea eskuratzeko demokrazian sakontzen ari den honetan, Estatu Espainiarrak bere tresna guztiak aktibatu ditu errepresio eta indarkeriazko jokabidea lehenetsiz, demokraziari bizkarra emanez.

Aralarrek, guzti honen aurrean, argi dauka ezin garela eskuak gurutzaturik geratu, Catalunyako auzi politikoan Euskal Herriko auzia ere jokoan dagoelako,demokrazia bera jokoan dagoelako. Horregatik Euskal Herria, euskal herritarrak Catalunyar herriaren eta herritarren ondoan egon eta bidelagun izatea ezinbestekoa da; beste hainbatetan eurak ondoan izan ditugun bezala. Beraz, oraingoan inoiz baino gehiago, Aralarrek bere ordezkaritza Diadara bidaltzea ezinbestekoa ikusi du, eta Aralarren izenean bertan izango dira Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera.