EAJri PPrekiko duen jarrera alda dezala exijitzen diogu

EAJk PP laguntzea erabaki du eta Kupoaren inguruan egin duen akordioa estrategia horren zati bat besterik ez da. Ondorioak latzak dira: Catalunyuren kontrako politika antidemokratikoen lagun bihurtu dira eta Euskal Herrian murrizketak areagotzen dira, krisiaren ondorioetan sakontzen dute eta zerbitzu publikoen kalitateak behera egiten du. . EAJri exijitzen diogu PPrekiko duen jarrera alda dezala eta demokrazioa, erabakitzeko eskubidea eta zerbitzu publikoen defentsaren aldera etor dadila. 

(Prentsaurreko osoa)

Hiru ardatzetan oinarrituta egin nahi dugu gaur egungo egoera politikoaren hausnarketa. Bakea eta elkarbizitza; erabakitzeko eskubidea eta egoera demokratikoa, ustelkeriaren aurkako borroka barne; eta politika sozialak, ekonomikoak etab.

Bakea eta elkarbizitza

Errelatoaren eztabaida berdintasunean oinarritutako elkarbizitzari begira eta askatasun osoz gizarteak egingo duena da, nahiz eta batzuen batzuk oraindik irabazle eta galtzaileen gizartea irudikatu nahiko lukete eta beste batzuk beren interes politiko alderdikoiak lehenesten dituzte. Biktima guztientzat gizarteak egin behar duen ekarpena aitortza eta errekonozimendua eta ahaldeneko kitapena dira baina lehendabiziko baina kaltetu guztien lehen ekarpena bakea eta berdinen arteko demokrazia direla ezin da ahaztu.

ETAk borroka armatuaren amaiera aitortu eta euskal preso politikoek eman beharreko urratsak eman ondoren oraindik zai gaude estaduak berari dagozkion urratsak eman ditzan. Preso politikorik gabeko demokrazia bat behar dugu bakegintza aurrera eraman den beste eredu guztietan agertzen eta azaltzen den bezala; Irlandan edo Kolonbian bezala alegia bi adibide guztiz ezberdin aipatze arren.

Azken egun hauetan inoiz gertatu behar ez zen Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena dela eta ikusitako jokabideak politikagintza atzerakoi eta antidemokratikoaren ereduak dira. Gogoratu behar da estaduak ez zuela egin zezakeenik egin Miguel Angel Blancoren bizitza zaintzeko eta orain haren izaera pertsonala alde batera utzita etekin politikoak lortzen saiatu direla batzuen batzuk, gorrotoz eta oportunismoz beterik.

Bakegintza bukatzea, biktima guztien aitortzarekin, preso politikoen askatasunarekin eta demokraziaren baitako berdintasun eta askatasunarekin gaurko gizartearen helburutzat aitortzen dugu eta ez luke denbora luzerekin beharko hori eskuratzeak ez balego indarkeriaren iruditik etekin politikoak ateratzeko asmorik.

Erabakitzeko eskubidea eta egoera demokratikoa

Bizi dugun eta datozen garai hurbiletan biziko dugun egoera politikoa guztioi eragingo digun Kataluniako erronka demokratikoarekin dago lotuta. Berriki esan eta gogoratu den bezala Espainiako estaduak ez dauka arazoa Kataluniarekin baizik eta demokraziarekin. Kataluniako nazioak, nazioa den einean eta gizarte heldua denez gero erabakitzeko eskubidea dauka eta hori aitortzea demokratikoki zor zaio.

Demokraziak eta legalitateak talka egiten dutenean edo bateragarriak ez direnean, demokraziaren alde jokatu eta aukeratu beharra dago. Katalunian aterapide demokratiko bakarra da Eskozian edo Quebecen egin den bezala egitea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea, bertan independentziaren alde eta independentziaren kontra dauden herritarrek askatasun osoz beren iritzia ofizialki eman ahal izan dezaten. Beste aterapide guztiak ez dira demokratikoak, nahiz eta legearen izenean ezarri edo inposatu.

Gainera uste dugu eta ziur gaude galdeketa egin litekela Katalunian, eta zalantzarik gabe Espainiako estaduan dauden beste nazioetan ere legearen baitan jokatuz eta legedia aldatu behar izan gabe, baina legedia aldatu behar balitz ere aldatu eta kito. Zer besterik egin zen hainbeste eta hainbeste goraipatzen duten erreforman ere.

Aralarrek bere elkartasuna adierazi nahi dio Europako nazio garrantzitsu eta ezinbestekoa den Kataluniari eta Kataluniako gizarteari eta aldi berean eta era berean demokraziari.

Kupoaren akordioa eta bere ondorioak

Mingarria da abertzale edo independentista batentzat, baina baita ere autonomian sinesten duen edozer herritarrarentzat EAJ-PNV alderdiak eta Urkullu, Azpiazu jaunen gobernuak sinatu berri duten kupoaren akordioa. “Bake fiskala” deitu eta “bilateralitatez” egina izan dela aipatu dute, baina guk ez dugu hori uste. Aitzitik euskal erakundeen ahalmenak ahulduta atera direla uste dugu eta gure herriko erakundeen erabaki ahalmena Madrilen menpe utzi dela, euskal herritaren erabaki eskubidea behar bezala ez delako defendatu eta babestu. Ezin da ahaztu Katalunian gertatzen denak hemen Euskal Herrian eragina izanen duela eta Kataluniako herritarren eskubide politikoak ukatzen dituen partiduari eman zaiola baliabide politikorik garestiena.

Euskaldunoi dagokigun erabakitze eskubidea izoztuta mantentzen da horrelako akordioekin eta onartzen da zentralismoaren kontsezio balitz bezala zuzenbidez aitortu beharko litzaigukeena.

Sinatu berria den akordioa froga bat gehiago da EAE-ko estatutua agortuta eta zaharkituta dagoela azaltzeko. Estatutua ez bakarrik ez da bete 36 urte luzeetan baizik eta gainera ez dago betearazteko euskarri juridiko-politikorik eta hori da bere ahulezien ezaugarrietako bat.

Aralarren aburuz erabakitzeko eskubidea jasotzen duen estatutu berriaren premia larria ezin da alde batera utzi eta kupoari buruzko akordioak ezin du premia larri horren beharra estali.

Nafarroan ere Amejoramentua ordezkatu eta erabakitzeko eskubidea jasoz herritarren berdintasun osoak, esate baterako euskarari buruz bermatuko duen estatutu berri baten premia areagotzen ari da ikusirik estatuko zentralismoak behin eta berriro Nafarroako eskubide historikoei egiten dizkien erasoak; adibidez azkeneko comptos ganbararen aurka.

EAJk PP laguntzea erabaki du eta Kupoaren inguruan egin duen akordioa estrategia horren zati bat besterik ez da. Ondorioak latzak dira: Catalunyuren kontrako politika antidemokratikoen lagun bihurtu dira eta Euskal Herrian murrizketak areagotzen dira, krisiaren ondorioetan sakontzen dute eta zerbitzu publikoen kalitateak behera egiten du. Dei egiten diegu, alde batetik euskal politikagintzan diharduten alderdi ezkertiar eta aurrekaoiei egiturazko krisiari ezkerreko erantzunak emateko, krisia ez baita bukatu eta egun ere gure gizartea gogor kolpatzen du. EAJrin exijitzen diogu PPrekiko duen jarrera alda dezala eta demokrazioa, erabakitzeko eskubidea eta zerbitzu publikoen defentsaren aldera etor dadila.

------------------------