Euskal haur errefuxiatuak gogoan

Europako Parlamentuko ALEko taldeak Galesera egin duen bidaian euskal haur errefuxiatuak izan ditu gogoan.

1937ko maiatzaren 23an Habana itsasontziak Ingalaterrako Southamptongo portuan atrakatu zuen. Bertan, Gerra Zibiletik ihesean zoazten 4.000 haur inguru ailegatu ziren. Haur horietako 200 bat Galesera eraman zituzten eta bertan aterpe hartu zuten.

Gertaera horren harian eta Galesko herritarrek euskal haurrekiko duela 80 urte erakutsitako elkartasunaren gorazarre egiteko ALE parlamentu-taldeak ekitaldi xume bat antolatu zuen bidaiaren afari ofiziala hasi aurretik.

Ekitaldia Inaki Irazabalbeitiak, Aralarren eurodiputatu ohiak, zabaldu zuen. Bere hitzaldi laburrean Galesko gizarteak haurrak aterpetzeko eginiko ahalegina azpimarratu zuen eta gaineratu zuen 'Orain Europan errefuxiatuen krisia bizi dugun honetan, galestarrek erakutsi zuten duela 80 urte zeinek behar duen bidea izan, zeukaten gutxitik etorri berriei ahal zutena emanez. Egun, Europako gizarte aberats honek ateak itxi nahi dizkie gerratik ihesi datozenei, gu guztion lotsarako'. Segidan, Hywel Davies, haur errefuxiatuei buruzko Fleeing Franco liburuaren egileak, haur haiek bizitutakoaren zertzelada batzuk eman zituen. Orduko Galesko egoera sozio-ekonomikoa azaldu zuen eta azpimarratu zuen gizarte hark egin zuen ahaleginaren tamaina. Izan ere, Britainia Handiko gobernuak ez zuen beregain hartu haurrak aterpetzeak sortzen zituen gastuak eta gizartean eginiko diru-bilketen eta donazioen bidez finantzatu zen. Daviesek argi utzi zuen krisi ekonomiko larrian zegoela Gales garai hartan, % 50ko langabezia zuela eta, hala ere, pobrezian bizi ziren langile haiek finantzatu zutela neurri adierazgarri batean haurrak Galesen hartzea. Haur gehienak Euskal Herrira itzuli ziren ondorengo urteetan, baina haietako batzuk Galesen bota zituzten erroak.