"ETA arrazoi politikoengatik sortu zen eta ETA arrazoi politikoengatik armagabetu da"

ETAren armagabetzearen ondoren Aralarrek prentsaurrekoa eman du Euskal Herriak eta Gizarteak aurretik dituen erronkan azpimarratzeko. Errelato anitzaren beharra azpimarratu dugu, ETA arrazoi politikoengatik jaio, jardun eta argamabetu dela barneratzen duena, biktima guztiei aitortza eskaintzen diena, eta Amnistia aldarrikatuz sustraietan arrazoi politikoak dituen arazoari irtenbide politikoa emateko.

Prentsaurrekoaren testua.

ETAREN ARMAGABETZE ONDOREA

ARALAR alderdiaren izenean gure irakurketa egin nahi dugu egoera berri honen aurrean eta zehazki Euskal Herriak merezi duen eta behar duen etorkizunari begira.

Herri eta gizarte gisa urte luzeetan zehar harrapatuak edo oztopatuak eduki gaituen iraganetik atera eta aurrera egiteko moduan gaude. Eta, lehenik eta behin, egoera berri hau erakarri duten eragile guztiei gure esker ona aitortu nahi diegu: lehendabizi euskal herritarrei, bakegintzan ahalegindu diren erakunde guztiei eta gizarte osoari. Bigarrenik gure esker ona nazio arteko bitartekariei eta esku bat bota duten indar politiko eta sozial guztiei. Gaurkoan ordea, bereziki, Euskal Herriaren esker ona mugimendu herritar guztien irudi eta ordezkari izan diren BAKEAREN ATISAUEI eskaini eta aitortu nahi diegu; agerian eta ezkutuan ibili diren bakegile guztiei alegia.

ARALAR alderdiaren ustez ordea, garaia da baita ere kritika zorrotza eta gordina egiteko bakearen alde ibili beharrean, bakea oztopatzen saiatu diren guztiei, elkarrizketari trabak jartzen ibili diren, eta dabiltzan, guztiei eta beren onurak, interesak eta kalkuluak bakearen aurretik eta gainetik jarri dituzten guztiei; Espainiako gobernutik hasita, hemen Euskal Herrian bertan behar haina mugitu eta arriskatu ez direnetaraino.

Bakearen ezkaratzean gauden garai honetan gure lehen ideia eta egiaztatzea hauxe da: ETA arrazoi politikoengatik sortu zen eta ETA arrazoi politikoengatik utzi zion, orain dela ia sei urte, borroka armatuariari eta arrazoi politikoengatik armagabetu da. ALDEBAKARREKOTASUNEZ eman ditu ETAk urrats horiek. Ez da beraz inolako ordainketa edo prezio politikorik egon, baina horrexegatik ez dago ere inolako baldintza edo muga politikorik Euskal Herriaren etorkizun librerako. Baketzea, bake-prozesua alegia, bukatu egin behar da. Biktima guztiei zor zaien aitorpena, egia eta kitapena helarazi behar zaie eta preso politiko guztien askapena lortu behar eta, salbuespeneko legedia eta epai-bideak gainditu behar dira, Gernikako Akordian iragarri eta aldarrikatu bezala.

Behin eta berriro azpimarratu beharreko ideia dela deritzogu etorkizuna dela lehentsi beharreko balioa, herri hau iraganean murgildu nahi dutenen aurrean. Izan ere, ikusten ari gara nola atzera begirako jarreretan tematzen ari diren eta nola oztopoak jarri nahi dituzten etengabeko eskakizun maltzurren bitartez. Bakearen eraikuntzak normalizazio prozesua ekarri behar du eta horrekin batera eskubide demokratikoen onarpena. Ez al zuten hainbestetan eta hainbestetan esaten bakearekin aukera politiko guztiak defenda zitezkeela?

Badakigu bakea beti beranduegi datorrela batzuentzat eta ikusten dugu oraindik ez dagoela bake osoa gure herrian eta herritarren artean. Baina ezin da ukatu ETAk eutsi diola 2011an herri honi emandako hitzari eta jokaera horrek arrazoi eta izaera politikoa du. Horregatik ETAko militanteak, desberdintasunak desberdintasun, arrazoi politikoengatik jardun dute eta izatezko ikuspegi hori ere ezin da ahaztu ez errelatoan eta eztaere etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko tenorean.

Euskal Herriaren aurrean jarri nahi dugu bigarren ideia eta egiatatzea da Gizarteak Errelatoa edo Kontakizuna etorkizunera begira behar duela. Errelatoa ez da bakarrik historiako egia argi eta garbi eta azken muturreraino jakiteagatik bakarrik egin behar den zerbait, baizik eta gainera, eta batez ere, etorkizunari begira eta askatasunean oinarriturik eraiki behar den kontakizuna.

Errelatoa izaera sozialeko eginkizuna den heinean ez da jokabide historiko-zientifikoa izatera mugatzen; horretarako badaude historiadoreak. Errelatoari garrantzia soziala etorkizunari begiratzetik datorkio; eta ez soilik iragana aztertzetik. Eta horrek askatasuna exijitzen du.

Zergatik eta ze helbururekin sortu zen ETA? Zein dira –onerako eta txarrerako ETA sortu izanaren eta bere jardunaren ondorio politikoak, giza-mailako eta izaera sozialekoez gain? Galdera horiei erantzuna ekiditzeagatik dabiltza batzuen batzuk errelatoa deitutakoa iraganako ekintza armatuei soil-soilei mugatu eta lotu nahirik. Ikuspegi antzu horrek uko egiten dio benetako errelato sozialari. Pseudo-historiagileen papera hartuz jokatzen dute hori egin nahi dutenek.

Errelato ezberdinak izatea gizartearen aniztasunaren ondorioa besterik ez da. Ezinbestekoa eta aldi berean aberasgarria. Horregatik ETA arrazoi politikoengatik sortu zela eta arrazoi politikoengatik jardun zuela gogoratzea ezkutatu nahiko luketen errelatoaren aldea azaltzea da. Badakigu eta aitortzen dugu ETAren borroka armatuak, eta bestelako indarkeria guztiek ere, oinaze eta samintasun asko eragin izan dutela, baina kontakizunak alde guztiak behar ditu eta etorkizunari begira egina izatekotan galdera guztie erantzun behar die eta horrek askatasuna eta aniztasuna berezkoak ditu.

Hamarkada luzeak daramazki Madrileko gobernuak ETAren sorrera, izaera eta helburu politikoak ukatzen, baina bere itsukeriak eragotzi dio elkarrizketarako jarrerarik izatea eta aterapidea ALDABAKARREKOTASUN bidez egin izanak, Euskal Herriari eskuak eta aukera guztiak libre eta argi uzten dizkio orain zorionez. Mezu hau izan da aspalditik eta behin eta berriro ARALAR alderdiak aldarrikatu duena. Horrexegatik ez gara nekatuko Amnistia aldarrikatzeaz.

Gaurko prenstaurre honetako ARALAR alderdiaren hirugarren mezua da Euskal Herriak, eta zehazkiago abertzalegoak, herri honen etorkizuna eraikitzeko eta herri bezala aurrera egiteko, behar beharrezkoa dela eta ezinbestekoa duela Ezker abertzale zabal eta eraginkor bat. Euskal Abertzalegoaren baitan barne dinamika areagotzea beharrezkoa da, eta Ezker Abertzaleak benetako alternatiba edo aukera politikoa izan behar du, horretarako gainditu behar diren kontraesan eta gabezia guztiak gaindituz.