Rebeka Ubera: "EH Bildu sujetu politiko bihurtzea ezinbestekoa eta premiazkoa da"

Aralarrek asanblada egin du Altsasun EH bildu egiten ari den berrigituraketa prozesua aztertzeko eta eztabaidatzeko. Testuinguru horretan Rebeka Uberak, idazkari nagusiak, adierazpenak egin ditu, eta balioa eman dio Aralarrek EH Bilduri egin dion ekarpenari eta prozesu berri honen beharra azpimarratu du. 

 “Altsasun gaudela probestuz, gogoan izan nahi ditugu, eta berriro ere gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu, bidegabekerian eta mendeku politikan oinarrituta atxilotuak izan diren gazteei eta haien familiei. Dei egiten dugu berriro ere Audientzia Nazionalak ez dezan epaiketa burutu, ez duelako inolako zentzurik terrorismoaren izaeraz epaiketa burutzea. Gazteen askatasuna aldarrikatzen dugu”.

“Gaurkoan, Aralarrek Batzarra egin du Altsasun, EH Bildu koalizio soil izatetik subjetu politiko bilakatzeko abian jarri den prozesuaren eztabaida emateko”.

“Aralarrek positiboki baloratzen du EH Bildu koalizioan ematera goazen urratsa. Positiboki baloratzeaz gain ezinbestekotzat eta premiazkoa jotzen du, eta ilusio eta itxaropenez bizi ditugu momentu hauek nahiz eta kontziente garen oraindik ere ibilbide luzea dugula aurretik”.

“Hego Euskal Herrian ere, Ipar Euskal Herrian dagoeneko abian den bezala, premiazkoa da alternatiba ezkertiar aurrerakoi sendoa eraikitzea. Are gehiago, Euskal Herriaren etapa bat ixtear dagoenean, eta egiturazko krisi demokratiko baten gauden honetan; non aurrera egiteko funtsezkoa den pertsona ororen eta bereziki langile klase eta behar gehienen eskubideak defendatu eta bermatzearekin batera, egiturazko aldaketa demokratikoan sakontzea beharrezkoa dugu, horretarako ezinbestean dagokigun erabaki eskubidea eskuratzeko. Eta horretarako, herri honetan premiazkoa da alternatiba ezkertiar aurrerakoia eraikitzea, gizartearen eboluzio, erritmo eta beharretara egokituko dena eta bereziki esku artean ditugun erronkei aurrea hartzen lagunduko duena”.

“Horregatik, EH Bilduren fundatzaileak diren alderdiez gain, eta aurrerago hurbildu daitezkeen alderdiez gain, herri honen etorkizunean sinesten eta etorkizunaren alde ari diren herritarrak gonbidatu nahi ditugu, Hego Euskal Herriko hanka ezkertiar, bizkor, eraginkor, tinko eta demokratikoa eraikitzera. Aniztasunaren zabaltasun osoa jasoko duena eta izaera demokratikoa bermatuko duena, pertsona bakoitzaren erabaki ahalmenaren errespetutik hasiaz, gure herriaren erabaki ahalmena errealitate bilakatzeraino”.

“Politikagintzaren balioak balorean jarriaz. Bizitzen dihardugun, eta azkenaldian hain agerian geratu den, ustelkeriaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa delako baloreetan oinarritzen den politika aldarrikatzea eta egitea. Korrupzio eta ustelkeriarekin tolerantzia zero jokabidea izanez. Politikagintza, militantzia zeregin duina eta beharrezkoa delako, eta politikaren oinarria izan behar delako ustelkeria eta korrupzio aurre egitea”.