Milaka herritar izan gara bake eta elkarbizitzaren bermea oztopoen gainetik

Baionan, milaka lagun bildu gara, ETAren aldekarrerko armagabetzeari babesa emateko eta oztopoen gainetik bakea eta elkarbizitzaren bermea, etorkizunaren bermea izateko. Herri honek egun historikoa bizi du Baionan, aro barri baten lehen urratsak emanak zituen eta bakearen artisauek ahalbidetu duten armagabetzea, herri honek eskatzen zuenari bide emanez, aro berri hori sendotzen du, Espainiar estatuak jarri dituen oztopoen gainetik. 

Berriaren kronika

Ekitaldi jendetsua egin dute Baionako Paul Bert plazan. Bakearen artisauek gizarte zibilaren garrantziari erreparatu diote, eta nabarmendu dute beste auzi batzuk askatzeko balio behar duela desarmatzeak.

Eguzkipean, milaka lagunek hartu dute parte, armagabetzea prozesua behin bururaino eramanda, herritarren sostengua adierazteko ekitaldian. Ordu eta erdi pasa iraun du, eta hunkituta mintzatu da Anaiz Funosas Bake Bideko koordinatzailea; ez da bakarra izan; negar malko batean bukatu du Louis Joinet juristak hitzartzea.

Funosasek bere egin ditu Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiaren hitzak: "Bakea lortzeko jakin behar da ausart izaten, arriskatzen... Gure bakegileek hori ondo barneratu dute". Azpimarratu du gaurkoa ez zatekeela posible izango herritarren sostengurik gabe.

Mixel Berhokoirigoinek hartu du hitza ondoren: "Azkenean, iritsi gara". Zailtasunak izan ditu hizpide: "Bakea egitea gerla egitea baino zailagoa da. Ez genuen inoiz imajinatuko bake borondatean estatuen ezezkoarekin topo egingo zuenik". Mugarritzat jo du apirilaren 8a: "Iraganaren eta etorkizunaren artean haustura puntu bat markatzen du. Konfiantza ekimena segurtasunerako. Inteligentzia indarraren gainean kokatzen dela erakusten du armagabetzeak. Bake prozesuaren bihotzean kokatzen da, ikuspegi eta dinamika aldarazten duelako. Ezer ez da berdin izango". Biktimak izan ditu gogoan, eta esan armagabetzeak balio behar duela beste auzi batzuk askatzeko.

"Espirituen armagabetzera" deitu du: "Gerraren kontra borrokatu. Mendeku goseari uko (...) Ezer ez da eztabaidatik kanpo geldituko. Ezin da deus ere saihestu edo ezkutatu. Dena behar da gogora ekarri, gogoeta kritiko bat hausnarketa politikoaren menpera jarri baldintza bakar batekin: gure diferentziak era demokratikoan gainditzeko".

Ondoren, eragile politiko, sindikal eta sozial ugaritako ordezkariak oholtzaratu dira, eta manifestu bateratu bat irakurri: "Guk, hemen garenok, aise azal daitekeen zerbait partekatzen dugu: bakea ez dela bortizkeria eza soilik... Eta, ondorioz, bortizkeria egoera dagoenean ez dela bakerik. Armagabetzea hain garrantzizkoa bazen, bakearen bidean beharrezko aitzina pausoa markatzen zuelako da". Biktimak izan dituzte oroitzapenean:  "Gure bihotzak eta oroitzapenek berehala eramaten gaituzte biktimengana, atzokoak, gaurkoak, ezagunak eta ezezagunak, armek jorik erori direnak, arma guziek jorik. Horien guzien gainean, biktima guzien gainean, tragedia handi baten pisua dago".