Aralar ALEren Batzar Nagusian

Katowicen, Silesian, Europako Aliantza Librea 2017ko Batzar Nagusia egiten dihardu. Bertara Aralarreko ordezkaritza bat hurbildu da. Jon Inarrituk, Inaki Irazabalbeitiak eta Olga Perezek osatzen dute Aralarren ordezkaritza.

Ruch Autonomii Slaska (RAS) mugimenduak antolatu eta aterpetu du 2017ko Batzar Nagusia. RAS alderdiak Silesiarako autonomia aldarrikatzen du Poloniaren barruan. Silesia eskualde historiko bat da historia luzea eta konplikatua izan duena. Poloniarren, Alemaniarren, Prusiarren eta Moraviarren esku egon da. Egun Silesiaren zatirik handiena Poloniako parte da eta beste parte txikiago batzuk Alemaniaren eta Txekiaren parte dira. 2. Mundu Gerraren ondoren, Silesian bizi ziren alemaniarrak egotzi zituzten, 4.000.000 lagunetik gora eta lurralde hori poloniarrek kolonizatu zituzten. Ondorioz, gaur egungo bertako populazio gehienaren arbasoak kanpotik etorritakoak dira.

Silesiaren autonomiaren aldeko borrokarekiko babesa agertzeko deliberatu zuen ALEk 2017k. Batzarrak ohiko bidetik egingo du aurrera. Hala ere, aurten Europa mailan egon diren lege-aldaketak medio ALEk bere estatutuak berritzea onartuko du. Halaber, hiru partidu berri lotuko dira ALEra: Kortsikako presidente Gilles Simeoniren, Insime per a Corsica; Friuliko, Patrie Furlane eta Istriako Oljka. Bestetik, hainbat adierazpen eta mozio onartuko dira zenbait gairen inguruan: saharar, kurdu eta palestinar herriekin elkartasuna, Kataluniako prozesuaren alde, Karabakh Garaiko errepublikarekin elkartasuna, Greziako gutxiengo turkiarrak jasaten duen diskriminazioren salaketa, energia berriztagarrien alde edo Moraviarako autonomia aldarrikatzea, besteak beste.