Aralarrek bat egiten du Altsasuko manifestazioarekin

Aralarrek deia egiten du larunbat honetan, eguerdiko ordu batean, Altsasuko udalak, herritarrek eta atxilotutakoen senitartekoek deitutako manifestazioarekin. Aralarren aburuz, Altsasun salbuespeneko epaitegi eta indar ultraeskuindarrek bultzatu eta garatutako akusazioak, inputazioak eta atxiloketak gehiegikeria eta bidegabekeriaren eremuan kokatzen dira; hainbat pertsonen bizitza zapuzteaz gain, Altsasuko herritarrak eta herria kriminalizatuz. Altsasuko herriak bakean bizi nahi du, gainerako herriek bezala, eta desberdinen arteko errespetuan oinarritutako elkarbizitza aldarrikatzen du.

Audientzia Nazionalaren jokabidea Altsasun jazotako gertakarian, guztiz neurrigabea izateaz gainera, ulergaitza da, eta agerian utzi du atzean dauden helburu politikoak: Iraganeko egoera lazgarriak bizirik mantenduz, eta izugarrizko kalteak eraginez, bai maila pertsonalekoak zein kolektiboak, Altsasuko herritarrengan eta herrian ondorio larriak eraginez.

Inoiz gertatu behar ez zen gertaera bat baliatu nahi dute. Altsasun zigor eredugarria jarri nahi du Espainiako estatuak, zuzenbidea euren nahietara tolestuz. Ondorioz, Altsasuko herritar guztiak zigortzen dituzte, eta modu berezian, gazteak.

Egoera honen aurrean, inoiz baino ozenago esan nahi dugu badela garaia Espainiako estatuko indar militarrak Euskal Herritik alde egiteko; bada garaia Euskal Herrian, eta premiaz Nafarroan, desmilitarizazioa gauzatzeko.

Horregatik guztiagatik, eta batez ere Altsasuko herriak, Euskal Herri osoak bezala, bakean bizi nahi duelako eta elkarbizitzan eraiki nahi duelako bere etorkizuna, Aralarretik ere, Altsasun egingo den mobilizazioa babesten dugu eta bertan izango gara. Halaber, helburu horiekin bat egiten duten herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu