Milaka lagun manifestatu da Iruñean Faszismoaren kontra.

Milaka lagun elkartu ziren faxismoaren aurkako martxan. Nafarroako dozenaka eragile sozial, sindikal eta politikok, tartean Aralarek,  babestu dute egitasmoa. Aralarreko ordezkariek esan zutenez, "Oso garrantzitsua da manifestazioa hau, talde memorialistekin batera aspaldi hasi ginen antolatzen, fazismoarekin bukatu behar dugu, oraindik bizirik dagoela argi ikusten da toki askotan" . Antolatzaileek 3.500 klabelin banatu zituzten, Nafarroan estatu kolpen faszisten hiladako pertsona bakoitzeko bat.

Faxismoa ez da soilik kripta bateko hobietan edota ikur frankista zaharretan gordetzen. Kamerarik gabeko komisaria batean ere azalera liteke, Europako mugan dauden burdinazko hesietan, enpresaburu batek sinatutako kaleratze aginduan edota sare sozialetako mezuak zelatatzen dituen poliziaren sakelakoan. Faxismoak «milaka aurpegi» izan ditzakeela salatzeko, eta horien guztien aurrean «askatasunak» —pluralean ere— aldarrikatzeko, manifestazioa egin zuten atzo milaka lagunek Iruñean.

Nafarroako eragile politiko, sindikal eta sozial gehienek bat egin zuten deialdiarekin —60 baino gehiago ziren—. Aralarreko ordezkaritza zabala izan da. Oro har, Nafarroako Legebiltzarreko ia alderdi guztietako ordezkariak izan ziren atzoko manifestazioan. UPN eta PP bakarrik geratu ziren, beste behin, faxismoaren aurkako mugimenduari bizkarra emanda.

17:30ean abiatu zen martxa Udaletxeko plazatik. Ordezkari politikoek zeramaten Askatasunen alde, faxismoari ez! lelodun pankarta, baina horien atzean, ideologia askotariko jendetza zihoan, Alde Zaharreko karrika estuetan kabitu ezinik.

Hainbat sektore batuz joan ziren ibilbideko gune ugaritan. Esaterako, gazte mugimenduaren zutabeak Foruen monumentuaren aurrean egin zuen bat manifestazioarekin; kolektibo feministak, berriz, Parlamentuaren aitzinean batu ziren; eta beste horrenbeste egin zuten herrietako udaletako ordezkariak eta kolektibo memorialistak, Nafarroa Behereko etorbidean. Pankarta propioa zeraman zutabe bakoitzak. Azken taldea batu zenerako, milaka eta milaka lagun ziren Iruñeko karriketan protestan ari zirenak. Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, manifestazioaren aurrealdea Erorien Monumentuko agertokira hurbiltzen ari zen aldi berean, atzealdea Sarasate pasealekuan zegoen oraindik.

Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuten manifestua. «Mola, Sanjurjo eta beste militar kolpistak hobitik atera izana» eskertu zioten Iruñeko Udalari, baina gogoratu zuten faxismoa ez dela «oroitzapen txar bat» soilik. Europaren immigrazio politika, mozal legea, gazteen prekarizazioa eta emakumeen aurkako jazarpena aipatu zituzten antolatzaileek, «atzoko, gaurko eta betiko faxismoa egunero» borrokatu behar dela aldarrikatzeko. Ostean, 3.500 krabelin gorri banatu zituzten, 1936ko gerran hildakoen omenez.