Zigor Isuskiza: "Bidesariak eta mugikortasun inguruko hausnarketa sakona behar dugu"

A8ko peajeak gatazka sortu du berriro, Durangaldeko auzotarrek sinadura bilketa hasi dute peajearen igoeraren kontra. Zigor Isuskizak Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bildu taldean mugikortasunaren ardura darama.

Zein da peajen igoeraren aurrean EH Bilduren jarrera?

Lehenengo eta behin igoeraren aurka gaude, are gehiago inolako azalpenik jaso ez dugunean igoera hori azaltzeko edo justifikatzeko. Gainera, KPIren askoz ere gainetik ezarri da. Horren guztiaren atzetik, INTERBIAKen zorra dago, egun 875 miliotik gorakoa da. Horri, Gerediaga-Elorrio sahiesbidea gehitzen badiogu, non 1440 milioi ordaindu beharko ditugula 2042. urterarte, egoera ekonomikoak txarrera egingo du, eta hori guztia finantziatzeko ere diru-sarrerak handitu behar dira.

Zergaitik ematen da Bizkaiko biztanleen arteko hain desberdintasun nabaria autopisten erabileraren inguruan?

EH Bilduren ustez, herri plataforma horren aldarrikapen atzean, eskualdeen arteko desoreka nabarmena dago. Desoreka hori, azken urteetan bidesarien gainean EAJ-k garatutako politikaren ondorioa da.

Aurreko legegintzaldietan, Jose Luís Bilbao eta Aldundiko ordezkariek bidesariekin arazorik ez zegoela adierazten zuten etengabe. Baina, herri mugimendu horrek kontrakoa adierazten du era esanguratsuan.

Nazio ikuspegi batetik logikoa ahal da peajeak Donostiara joateko izatea eta ez Santanderrera izatea?

Erabateko desoreka dugu herrialdean. Desoreka diogu, nabaria delako, ahalmen handiko errepideetako bidesarien ezarpenaren irizpide desberdintasuna. Gure herrialdean eskualdeen arteko oreka ezinbestekoa da. Baina ez hori bakarrik, helburua herrialdeen arteko oreka lortzea izan behar da.

Horrexegatik, gure ustez, gai honen gainean, herrialdean hausnarketa sakona eta zabala egiteko une aproposa dela uste dugu. Hausnarketa eta eztabaida hori aurrera eramateko, ezinbestekoa da eragile guztien (garraiolariak eta auzokideen ordezkariak barne) parte hartzea bermatzea.

Aldagai asko kontuan hartu behar dira mugikortasun politikak modu egokian zehazteko eta garatzeko. Gu prest gaude eztabaida horri hasiera emateko.

Aldagai horien artean, garraio publikoaren esparrua dago. EH Bildurentzat garraio publikoaren erabileraren sustapena lehentasun bat da. Helburua, ahal den heinean, errepideetatik ibilgailuak ateratzea izan behar da. Baina jakin badakigu, egitasmo hori, mugikortasun eredu baten barruan txertatu beharra dagoela.

Eztabaida eskatu duzue eta izan bitartean Gipuzkoako sistema ezarri nahi duzue. Zertan datza Sistema hori?

Eztabaida eta hausnarketa horiek ematen diren bitartean, aurkeztutako arauz besteko proposamen horretan, erabiltzaileentzat bidesariak ordaintzeko gehienezko diru kopuru bat ezartzea planteatzen da. Deskontu Planari atxikitako ibilgailu arineko erabiltzaileek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa ezin izango da izan 28€ baino handiagoa, behin dagozkion deskontu eta beherapen gehigarriak aplikatu eta gero.

Horrek, modu isolatuan proposatuta, ibilgailuen erabilera sustatu eta erraztuko luke. Horrexegatik, bestelako neurriak aurkeztuko ditugu garraio publikoaren erabilera bultzatzeko. Benetan lehiakorra izan dadin ibilgailuaren aurrean.